Fundación Valle Salado de Añana
Añanako Gatza - Sal de Añana

Añanako Gatza

Gatz Lorea

Gatz Txuzo

Edukitak 

Nola sortzen da

IMGBost mila lurruntze-plataforma baino gehiago zeuden haranean, goieneko aldian, eta guztira, 95.233 metro koadro hartzen zituzten.

Klimaren baldintzen arabera aldatzen da urtero gatzaren ekoizpen-sasoia. Normalean, maiatzean hasi eta urrian amaitzen da, baina ekainetik irailera bitartekoa da epealdirik emankorrena, irailetik aurrerako gau luzeek lurruntze-prozesua atzeratu eta etengabeko euriek atera daitekeen gatz gutxia hondatzen dutelako.

Hainbat urratsez osatuta dago gatzaren ekoizpen-prozesua. Hasteko, larrainak betetzen dira, bi eta lau zentimetro (bi hazbete inguru) bitarteko likido-kopuruz. A. Herránek 1883 urtean gatzagei buruz idatzitako memoriaren arabera, batez beste, hirurogei bat ordu behar zituen gesalak gatzatzeko, eta tenperaturak hiruzpalau gradu igoz gero, ordea, hamar ordu gutxiago behar izaten ziren, baina tenperatura hamasei edo hamazortzi gradutara jaistekotan, hiruzpalau egun oso behar izaten ziren emaitzarik lortzeko.

Eguzkia eta haizea ura lurruntzen hasten direnean, gainazalean kristalak -gatz-loreak deritzenak- eratzen dira, eta elkarri uztartu ahala, handitu egiten dira. Hartzen duten pisuak uraren gainazalaren tentsioa gainditzen dutenean hondora jalkitzen dira, eta amaierako produktuari tanto-erako gatza deritzo.

Ziklo honetan zehar, gesala gatzatzen hasten denean, “nahastu” egin behar da. Honela, uniformeki kristaldu eta produktua ez zaio larrainaren gainazalari (“rechine”) atxikitzen. Gatza gehiegi lehor ez dadin, etengabe ureztatzen dute gazgileek larrainak, berogailu izeneko putzu txikietan aldez aurretik berotutako gesalaz.

Gatza kristaldutakoan, baina ura erabat lurrundu baino lehen, bildu egiten da. Arrabolaren laguntzaz egiten da eragiketa hau, tresna horrekin gatza larrainaren perimetrotik erdira arrastatu eta tontor txiki bat egiten da. Handik, gatza saskitan biltzen da, eta horien zirrikituei esker, gatzak duen ur guztia isuri, eta biltegiratu egiten da. “Gatza sartzea” zeritzon gazgile bakoitzak bere granjan egiten zuen prozesuari, eta larrain gainean zegoen gatza zulo txiki edo albateetatik terrazoetan sartzean zetzan.



Añanako Gatz Harana Fundazioa - Fundación Valle Salado de Añana - 01426 - Gesaltza-Añana / Salinas de Añana - Araba / Álava - 945 35 14 13 - gontzal@vallesalado.com